Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Informatika fakultatea

ERAKUNDE INFORMAZIOA

Aurkezpena | Aurrekari historikoak | Kokalekua

Aurrekari historikoak

1540 - 1897 | 1918 - 1955 | 1963 - 1980

Gauzatu da, azkenik, gorabehera askoren ondoren, euskal unibertsitatea lortzeko aspalditik zetorren asmoa. Herria modernizatzeko nahitaezkoa den goi-mailako irakaskuntza sistema bat lortzea, Unibertsitatea alegia, aspaldiko nahia da benetan. Historia pixka bat eginez, esan dezakegu unibertsitateko irakaskuntzak baduela Euskal Herrian urrutiko aurrekina Oñatiko Unibertsitatean. Rodrigo Mercado de Zuazolak sortu zuen 1540an. Unibertsitate hark Hernanin eman zituen lehen urratsak 1542an; geroxeago, 1548an, Oñatira aldatu zen eta jada hor Teologia, Legeak, Arauak, Arteak eta Medikuntza irakasteko Fakultateak ireki zituen. 1901ean, gorabehera askoren ondoren, ateak itxi behar izan zituen betiko.

Bergarako Erret Seminarioak goi mailako irakaskuntzaren arloan aipamen berezia ere merezi du. Real Sociedad Vascongada de Amigos del País-ek (Euskalerriaren Adiskideen Elkartea) sortutako zentro berrizale hau Ilustrazioarekin etorritako joerei atxiki zen. Elkarteak europako zientifiko ospetsuenak eta puntako materialak Euskal Herrira ekarri zituen. Bidenabar, bertako ikaslerik azkarrenak atzerrira ikastera joan ziren.

Zentro honen loraldia 1779 eta 1793 bitartean izan zen. Bere asmo nagusia Euskal Herrian ikastegi aurrerakoi bat sortzea zelarik; alabaina, XIX. Mendearen hasierako gorabehera politikoek asmo horiek guztiak eten zituzten. Bizkaian Merkataritza Kontsulatuaren babespean 1511n sortutako Nautika Eskolak 1784an onespen ofiziala jaso zuen. 1800. urtean Merkataritza Eskolaren proiektua martxan jarri zen, 1818an gauzatuz.

Nafarroako Aldundiak Euskal Herriko Unibertsitatea eratzeko proiektua aurkeztu zuen, gainontzeko Aldundiei unibertsitate ofiziala sortzeko eskaera eginez. Asmoak asmo gelditu ziren. Bi urtetan zehar Aldundiek harremanetan egon ondoren hasierako proiektu elkartu hark porrot egin zuen. Lurralde bakoitzak bere aldetik jo zuen, ahalegin guztiak porrot eginez.

Izan ere, proiektu elkartuek ez zuten arrakastarik izan, ezta banakoek ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Oñatiko Unibertsitate zaharreko katedrak berriro irekitzeko asmoak ez baizuen irtenbiderik izan. Bidenabar, Araban Gasteizeko Literatur Unibertsitatea sortzeko proektua bertan behera utzi zen (1869-73), eta Bizkaiko Batzar Nagusietan Bizkaiko Unibertsitate Katolikoaren proiektuak ez zuen aurrera egin.

Izan ere, Bizkaiko Aldundia indargabetzean berarekin batera proiektu bera desagertu zen ere; alabaina, aurrera egin zuen "La Enseñanza Católica" elkarte anonimoak. Hamahiru bizkaitarrek, horien artean bultzatzaile nagusienetarikoa aita Manuel Isasi izanik, 1883n Bilbon goi mailako ikastegi bat sortzeko oinarri gisa ikastegi hau eraiki zuten. Irakaskuntza 1886an hasi zen eta denboraren poderioz ikastegia egun "Deustuko Unibertsitatea" izenaz ezagutzen da. Garai hartan, 1897ko apirilaren 2ko Erret Dekretuaren eskutik Industri Injinerutza Eskola egin zen.

Azken eguneratzea: 2010/10/26