
Informatika Fakultateko graduondokoen eskaintza
Informatika Ingeniaritza arloetako ikerkuntzan aitzindaria da UPV/EHUko Informatika Fakultatea. 97 irakasleek (non %88 doktoreak baitira) hainbat ikerkuntza-taldetan lan egiten dute.
Horrela, Graduko ikasketez gain, Gradu ondoko kurtsoen eskaintza zabala da oso fakultatean. Master batzuk ikerketara bideratuta daude, eta beste batzuk, ordea, profesioko lan-mundura.
Azken urteetako eskarmentuaren ondorioz, 13-14 ikasturtean sei Master eskainiko dira fakultatean.
Masterrak
- Konputazio Ingeniaritza eta Sistema Adimentsuak Unibertsitate Masterra
Ikerketara bideratutako master bat da, non Eusko Jaurlaritzaren Bikaintasuna duten ikerketa taldeen arloak jorratzen diren: Sistema Adimenduak (adimen artifiziala, datu-meatzaritza, kontrol adimenduna), Bistaratze eta Multimedia Sistemak (grafikoak, errealitate birtuala), Informatika Industriala (automatika, robotika mugikorra, ikusmen artifiziala), eta hainbat aplikazio-eremu (bioinformatika, medikuntza, finantzak, garraioak...). Informatika Ingeniaritzako Doktorego Programarako sarbidea da (Bikaintasuneranzko Aipamena duen doktorego-programa).
- Sistema Informatiko Aurreratuak Unibertsitate Masterra
Sistema Informatiko Aurreratuak masterrak ikerketarako formazioa eskaintzen du informatikaren lau arlo garrantzitsutan: Sistema Adimendunak, Interakzio Naturaleko Ereduak, Sistema Banatuak eta Web Sistemak. Hautazko irakasgaien aukera zabala eta malgua dela eta, ikasleak bere curriculuma molda dezake bere interesen arabera eta tutore akademikoaren laguntzaz. Aurrekoa bezala, Informatika Ingeniaritzako Doktorego Programarako sarbidea eskaintzen du (Bikaintasuneranzko Aipamena duen doktorego-programa).
- Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Unibertsitate Masterra
Interneten erabilera masiboak areagotu egin du hizkuntzaren tratamendu automatikoaren beharra; hortaz, erakundeek zein enpresek, hizkuntza-ingeniaritzaren baliabideen gero eta behar handiagoa dute. Hizkuntzalariak eta ingeniariak bilduz, HAP masterrak behar horiei aurre egin nahi die, hizkuntzaren aplikazioetan (itzulpen automatikoa, galderak erantzuteko sistemak, ahotsaren ezagutza...) zein hizkuntzalaritza konputazionalean profesionalak eta ikerlariak formatuz. Masterra izen bereko doktorego programarako atea da (bikaintasuneranzko ebaluazio positiboa).
- Sistema Txertatuen Ingeniaritza Unibertsitate Masterra
Master profesional honek Sistema Txertatuen Ingeniaritza arloko profesional espezializatuak sortzea du helburu, arlo horretako industrien eskaerei eta beharrei erantzun ahal izateko. Sistema txertatu (embedded system) batean, aplikazio jakin batek behar dituen hardware, software eta osagai mekanikoak biltzen dira, eta, hala, prestazio eta malgutasun handiko eta kostu baxuko produktuak lortzen dira. Gailu hauek hainbat arlotan erabiltzen dira gaur egun, hala nola informazio-teknologia berrietan, komunikazio mugikorretan edo berariazko kontrol-sistemetan (etxeetan, ibilgailuetan, hegazkinetan) eta abar.
- Autonomia Pertsonalerako Teknologia Unibertsitate Masterra
Pertsona helduen eta gaitasun eza dutenen bizitza-kalitatea areagotzeko teknologiak diseinatzeko, ebaluatzeko eta garatzeko behar diren ezaguerak biltzen ditu master honek. Jasotako trebakuntzarekin, ikasleek erraztu ahal izango dute ezagutzaren komunikazioa erabiltzaileen, senitartekoen, autonomia pertsonala lantzen duten profesionalen eta administrazioen artean. Proiekzio profesionala askotarikoa da, pertsonen beharrak eta laguntza-teknologiak elkartzen dituzten arlo guztiak barne, beti ere diziplina anitzeko ikuspegitik abiatuta, osasun, gizarte eta teknologia arloak kontuan hartuta. Prestazio Handiko Konputazioa
Diziplinen arteko master honek superkonputazioko arloa jorratzen du, azpiegituren zein haietan exekutatzen diren aplikazioen ikuspuntuetatik. Bi helburu nagusi ditu. Batetik, baliabide-eskakizun (konputazio zein datu-bolumen) handiko aplikazioak sistema paralelo handietan programatu eta exekutatu behar dituzten ikerketa-taldeetako beharrei erantzutea. Eta, bestetik, ekipamendu horietatik - GPUtan oinarritutako azeleragailuak, custer-ak, superkonputazio-zentroak, cloud computing plataformak- ahalik eta etekin handiena nola eskuratu ezagutaraztea.Berezko Tituluak
- Software librea: sistema, sarea, segurtasuna eta web aplikazioak (graduondokoa: unibertsitateko espezialista)