Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea

Informatika fakultatea

Azken eguneratzea: 2009/01/15

AnHitz, euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtuala aurkeztu dute
Proiektu hau Vicomtech-IK4, TECNALIA, Elhuyar Fundazioa eta UPV/EHUko Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak bultzatu du, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailen laguntzarekin

Euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtuala da AnHitz, eta gaur goizean egin dute haren aurkezpena, Donostian, prentsaurreko bidez. Avatar hau izen bereko ikerketa-proiektuan garatutako prototipoa da, eta Vicomtech-IK4 eta TECNALIA-Infotech zentro teknologikoak, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak bultzatu dute, 2006-2008 epean, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailen laguntzari esker. Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak azaldu duenez, "AnHitz proiektuaren helburua da pertsonak eta gailuak elkarrekin komunikatzeko behar diren euskarazko hizkuntza-teknologiak ikertzea eta garatzea. Euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtual interaktiboa da AnHitz. Erabiltzaileak egiten dizkion zientzia eta teknologiari buruzko galderak erantzuten ditu euskaraz, eta hitz bakar edo anitzeko kontsultak ere egin ahal zaizkio. Horrez gain, kontsulta horiekin zerikusia duten gaztelaniazko eta ingelesezko dokumentuak bilatu eta euskarara itzultzen ditu".

AnHitz, beraz, zenbait teknologiaren emaitza dugu: avatarraren itxuraz Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroa arduratu da, pertsonaia birtualak sortzeko duen teknologiaz baliatuta; UPV/EHUko Aholab taldeak eta TECNALIA-ko Infotech unitateak ahotsa jarri diote pertsonaiari, eta, horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko eta hainbat aldaera ezagutzeko; UPV/EHUKO IXA taldea, bestalde, dokumentuak euskarara automatikoki itzultzen trebatzeaz arduratu da, eta Elhuyar Fundazioko lantaldeari esker, azkenik, gai da AnHitz dokumentu eleaniztunak bilatzeko.

Anhitz proiektuari esker, zazpi baliabide, hamahiru tresna eta zazpi aplikazio garatu edo hobetu dira euskararen alorrean. Bestalde, proiektu honek euskararen eremuko zenbait erreminta aplikazio bakar batean bildu ditu, lehenbizikoz: Question Answering (galderak erantzutea), Cross Lingual Information Retrieval (informazio-bilaketa eleaniztuna), Machine Translation (itzulpen automatikoa), Speech Synthesis (ahotsaren sintesia), Automatic Speech Recognition (ahotsaren ezagutza automatikoa) eta Visual Interface (ikus-interfazeak). Etorkizunera begira, aplikazio hau aurrerapen handia dela azpimarratu dute partzuergoko arduradunek.

Horren berri emateko izan dira prentsaurrekoan: Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea; Alberto Fernández, Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Teknologia Zuzendaria; Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; Jesús Herrero, TECNALIA-Infotech-eko Merkatu Unitateko kudeatzailea; Igor Odriozola, Euskal Herriko Unibertsitateko Aholab taldeko ikertzailea; eta Kutz Arrieta, Vicomtech-IK4 zentro teknologikoko ikertzailea.

Anhitz proiektuari buruzko informazio gehiago:

 

Teknopolis telebista-saioan emititutako erreportajea, euskaraz eta gaztelaniaz (http://teknopolis.elhuyar.org/ikusi.asp?Multi_Kodea=191&atala=erreportajeak&lang=EU )


Zientzia.net web gunean argitaratutako artikulua (http://www.zientzia.net/artikulua.asp?Artik_kod=14169 )

Basque Research web gunean argitaratutako albistea, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez
http://www.basqueresearch.com/berria_irakurri.asp?Berri_Kod=1944&hizk=E


 

UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa (943 01 71 08 / comunicacion@ehu.es)
Elhuyar Fundazioa - Rakel López (943 36 30 40 /
rakel@elhuyar.com